Urte batekin eskola pribatu txiki
eta ezohiko batera joaten hasi nintzen, gogoratzen dudanagatik,
poz-pozik nenbilen. Ikastetxe horretan hamabost ikasle inguru
geunden, adin desberdinetakoak. Hala ere, nahiz eta elkarlanean
aritu, bost-sei urte zituztenek gazteagoak zirenei laguntza ematen
zietenean esate baterako, bakoitzak bere eginkizuna zeukan. Bi
irakasle geneuzkan eta haiekin idazten, irakurtzen, matematika,
musika, psikomotrizitatea eta horrelako gauzak ikasi nituen, euskara
izan ezik (gaztelaniaz ikasten baikenuen).
Eskola
Bilboko Zurbaran auzoan aurkitzen zen, Uribarriko barrutian
kokaturik, Bilboko aldirian, Artxanda mendiaren lehen maldetan. Nire
gurasoek esan didatenaren arabera, biztanleria eta
kultura-inguruneari dagokionez, auzoan oinarrizko ekipamenduak urriak
ziren. Osasun-zentroa zegoen, Etxebarria parkea (udaleko parkea) eta
hainbat elkarte, auzoaren eguneroko bizitzan parte hartzen zutenak.
Horrez gain, ingurune soziolinguistikoan gaztelania nagusitzen zen,
euskaraz edo beste hizkuntza desberdinetan komunikatzen ziren
familiak egon arren. Bestetik, erdi mailako klasea gailentzen zen eta
jarduera ekonomiko nagusiaren barne zerbitzuak zeuden. Beraz, 18 urte
geroago auzoa ez dela aldatu esan dezaket.
Eskola etxe handi bat zen, ez
geunden gela txikiagotan banatuta, hortaz, denok espazio berean
egiten genuen lan. Alfonbra izateaz gain, zenbait mahai eta aulki
zeuden, ume txikientzako egokituta zeudenak. Horrez gain, eskolan
sukalde bat zegoela gogoratzen dut, komuna, musikako gela bat piano
eta akordeoi batekin eta bigarren solairu bat. Bertan, gela
desberdinak zeuden, orokorrean ikasleek erabiltzen ez genituenak.
Beste alde batetik, jangela, liburutegia, goizeko gela, eskolaz
kanpoko jarduerak (pianoko eskolak izan ezik) edo autobus zerbitzua
ez zeudela deigarri egiten zait.
Ikaskuntza-irakaskuntza
prozesuari dagokionez, ikasteko gogoa neukan, koadernoak betetzen
nituen eta liburuak irakurtzea gustatzen zitzaidan. Badakit
erabiltzen zuten metodologia zaharra zela eta gaur egun erabiltzen ez
dela, baina nik asko ikasi eta disfrutatu nuela esan beharra daukat.
Horregatik, pozik nengoen, jakin-mina asetzen nuen, bai eskolan bai
etxean. Eskolan ariketa ugari egiten nituen: marrazkiak, gehiketak,
kaligrafia, irakurketa... gaitasun ezberdinak lantzen zituztenak. Eta
eskolako ordutegia (9:00-12:00 eta 15:00-17:00) behin bukatuta,
aldiz, jostailuekin, lagunekin edota nire amarekin jolasten nuen.
Halaber, jaietan, gabonetan eta
kurtso amaieran egiten genituen ospakizunetan harro eta eroso
sentitzen nintzen. Izugarrizko gogoak nituen, jantziak, dantza edota
jarduerak eta jolasak prestatzeko. Ikasturtean zehar marrazkiak
egiten genituen eta dantzak edo kantak prestatzen genituen, egun
horietan familiei erakusteko. Familiek jantziak josten zituzten,
hots, gonak, begiztak, tximeleta-begiztak eta abar. Nire aitak
argazkiak ateratzen zituen eta poz-pozik parte hartzen nuen egun
horietako jaietan. Bestalde, urduritasuna ere izaten nuen, abestera
irten baino lehen adibidez. Hari beretik, norbaiten urtebetetzea
zenean, urteak betetzen zituen umeak haur bakoitzarentzat zeozer
ekartzen zuen, gozokiak, besteak beste.
Horrez gain, arratsaldetan nire
ama etortzen zen nire bila meriendarekin. Asteazkenetan izan ezik,
ama etortzeaz gain, nire aitona-amonak etortzen ziren, merienda
bereziarekin. Errutina modukoa gogoratzen dut, familiarteko ingurune
atseginaren parte zena.
Oroitzapen zehatzen aldetik,
honako hauek azpimarratuko nituzke: Alde batetik, etxez aldatu
ginenean eskolara ez nuela joan nahi gogoan dut. Eskolan ondo egon
arren, amarekin egon nahi nuen. Bestetik, eskolan (goiko pisuan)
ahoskera lantzeko ariketak egiten nituen, rr edo pr/tr indar gehiagoz
esateko. Gainera, goiz batean boligrafo bat apurtu zitzaidan amantala
tintaz betez. Irakaslea izugarri haserretu zen, amantalaren
azpialdean neraman soinekoa zikinduko zelako. Egiatan, txikia izanda
ere, ez negoen batere kezkaturik; zikintzekotan, amak ulertuko zuela
pentsatzen nuelako.
Jolasei dagokienez, atsedenaldi
labur bat geneukan. Ez zen gaur egun bezala jostailu pilo bat daudela
geletan, txokoetan aritzen direla. Patioan baino ez geneukan eta
kutxa bat baino ez zen. Piezekin jolastea gustatzen zitzaidan, jolas
sinbolikoa gauzatzeko. Bestetik, kulunkatan egotea eta sokasaltoa ere
gustatzen zitzaidan. Gainera, patioa dantzen entseguak egiteko
erabiltzen genuen. Abestiak musika-erreproduzitzailean entzuten
genituen edo irakasleak akordeoia jotzen zuen.
Beranduago, ordea, ikastetxe
aldaketa heldu zen. Lehen Hezkuntzako lehenengo mailan euskara ikasi
nuen. Gogoan dudanagatik, lehenengo egunean D ereduko klasean nengoen
eta ez nuen ezer ulertzen, baina ikasturte horretan zehar oharkabean
euskara ikasi nuen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario