Ikastetxeko inguruneari dagokionez, eskola barruan eragina
duten testuinguruko faktoreei buruz ari gara, hala nola, kokapen geografikoa,
familien maila sozioekonomikoa, kultura… Beraz, estrukturatik kanpo dauden
arren, ikastetxearen antolakuntzan eragina duten elementuak dira.
Nire ikastetxeari begira, Luis
Briñas Santutxuko Haur Hezkuntzako eskola publikoa, Bilboko hirian kokatuta
dago, Santutxu auzoko Fika kalean hain zuzen ere. Eskola bitan banatzen da:
alde batetik Haur Hezkuntzako eraikuntza eta bestetik Lehen Hezkuntza eta
DBH-koa, Iturriaga kalean kokatuta dagoena, Basarrate plazan (bata bestetik 10
minututara).
Haur-eskolaren ingurune fisikoa hiriko aldirietan
kokatuta dagoela esan dezakegu. Hala ere, esan beharra dago, auzoko biztanleria
dentsitatea oso handia dela, bildutako azken datuen arabera, gutxi gora behera
40.000 biztanlerekin eta 80,68
hektareako azalerarekin. Beraz, beti izan gara ikasle asko gelan eta beti lagun
berriak joan eta etorri dira klaseko ibilbideari begira.
Eskolaren inguruneari dagokionez,
kale eta hiriko paisaiek inguratzen dute. Auzoak kale eta etorbide zabalak eta
aldapatsuak dituen arren, hainbat arbola eta parke topa daitezke eskolatik
hurbil. Beraz, irteerei begira adibidez, oso erraz izan dugu beti garraio eta
bisitatzeko leku aproposak topatzea, eskolatik hurbil baitzeuden. Horrez gain,
adibidez egun batean irakasleak klasea gelatik kanpo eman nahi bazuen, eskola
ondoko plazara gindoazen han ekintzak egitera.
Auzoaren ingurune sozioekonomikoari dagokionez, bertako biztanleriaren
egoera orokortuz, esan dezakegu familia gehienen maila ekonomikoa erdikoa dela,
behe-mailako kasuak ere ikus ditzakegun arren.
Ingurune soziolinguistikoari dagokionez, historian zehar egon diren
aldaketak kontuan hartu behar dira. Ikastetxeei erreparatuta, lehen klaseak
gaztelaniaz egiten baziren ere, gaur egun euskara da hizkuntza nagusia. Luis
Briñas-en kasuan, lehen A eredua soilik zegoen. Denboraz A eta B ereduak batera
egon ziren. Apurka-apurka a eredua amaitu eta D eredua hasi zen gaur egunera
arte. Orain, LH-n azken B taldea geratzen da, 6.mailan, beraz, datorren
ikasturtetik aurrera eskola osoa D eredukoa izango da. Beste alde batetik,
auzoko familia gehienek erabiltzen duten hizkuntza nagusia gaztelania da. Izan
ere, auzoko immigrante eta ijito kopurua handia da eta haien ama-hizkuntza
gaztelania da. Hala ere, ama-hizkuntza euskara duten ikasleak ere badaude,
gutxi izan arren. Bestalde, badaude familia asko non gurasoetariko batek
euskara maila baxu-erdikoa duen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario