NI ETA ESKOLA
Nire kasuan, eskolako etapako
bizipen eta sentipen gutxi ditut gogoan. Hala ere, amari galdetu eta gero,
hainbat gauza etorri zaizkit burura.
Momentu zoriontsuak dira gehien gogoratzen ditudanak. Hasteko, lagunekin
ditut oroitzapen gehien. Denok geneukan oso erlazio estua eta irakaslearekiko
harremana ere oso berezia zen. Ondo pasatzen nuen klasean, barre asko egiten
genuen ahal genuen bakoitzean. Lagunekin beti sentitu naiz ondo, oso lagun onak
izan ditut eta betidanik egon gara elkarrekin.
Horrez gain, jolastorduetan
eta jantokian ere oroitzapen onak ditut, asko gustatzen zitzaidan eguneko
momentu hori. Gehienetan, denok elkarrekin jolasten genuen, salbuespenak
salbuespen. Gelako giroa pixka-bat apurtzen zuten ikasle hauek, zenbaitetan,
beste ikasle batzuei bazterketak edo erantzun desegokiak egiten zizkieten, eta
nik gogoan dut gehienetan klase-kide horiei laguntzeko prest nengoela.
Halaber, klaseko irteerak
ere oso esperientzia onak izan dira, ondo pasatzeko helburuarekin joan bainaiz
beti. Gainera, ilusio handia dut gogoan ospaketa guztietan: gabonak,
urtebetetzeak, inauteriak… Mozorroak prestatzea maite nuen eta, horren inguruko
dantza prestatzen eta geroko jai handia ospatzen genuenean, primeran pasatzen
nuen. Gurasoak gure dantza eta mozorroak ikustera joaten ziren, eta ilusio
handia neukan ama begira aurkitzen nuenean.
Notak onak izan dira beti. Gogoratzen
dut nota bat jasotzen nuen bakoitzean sentitzen nuen poztasuna. Era berean,
ariketa bat ulertzen eta egiteko gai nintzen bakoitzean, harro sentitzen
nintzen.
Eta, momentu pozekin
bukatzeko, esan beharrik ez margotzeko, abesteko edota psikomotrizitate gelara
joateko aukera genuen bakoitzean. Horiek ziren egun osoan zehar espero genituen
tarteak.
Bestalde, larritasuna sentitu ditudan momentuak
ere ditut gogoan. Hala nola, larrien sentiarazi nauten egoerak etxerako lanak
egin ez nituenean ziren, irakaslea konturatuko zelako beldurrarekin nindoalako
klasera. Era berean, ahozko aurkezpen bat egin behar nuen bakoitzean ere oso
urduri sentitu naiz beti, oraindik irauten duena. Hau da, beti sentitu ditut
mila begirada soinean eta zerbait txarto esango dudala edo besteak aspertuko
ditudalako sentsazioa. Gainera, irakasleak konfiantza ematen ez bazidan, orduan
eta urduritasun handiagoa sentitzen nuen. Aldi berean, lotsa sentitzen nuen
irakasleak galderak egiten zizkidanean.
Uste dut, beti izan naizela
neska lotsatia, beraz, beti dut gogoan klasean isilik egon naizela,
irakasgaiari begira, eta ez interes faltagatik. Gogoratzen dut klasean lehen
hezkuntzan irakasleek ozenki irakurtzeko eskatzen ziguten bakoitzean, txarto
pasatzen nuela. Izan ere, adin horretan irakurtzeko abiadura zen inporta zuena,
eta nik uste nuen oso astiro irakurtzen nuela besteekin konparatuz
Haserrea ere sentitu dut. Sentipen
hau adinarekin batera etorri da, irakasle askoren jokabideak aztertzeko
gaitasuna izan dudan heinean. Irakasle asko oso txarrak izan dira eta txarto
sentiarazi gaituzte. Kasu hauetan, ikusi dut badaudela irakastea gorroto duten
irakasleak. Batzuetan ikasgai asko gorroto izan ditut hori dela eta. Beste
irakasle asko aldiz, oso onak izan dira, ikasleak ziren haientzat klaseko
ardatza eta horrek gure interesa pizten zuen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario