miércoles, 21 de diciembre de 2016

Kultura

Nire bizipenetan erakundearen jokamoldeak, ohiturak, arauak edota zeremoniak agertzen dira, ikastetxearen kultura osatzen dutenak. Alde batetik, ordutegia zegoen, sartzeko eta irteteko ordua adierazten zuena: 09:00 – 12:00 / 15:00 – 17:00. Hari beretik, egunero atsedenaldia zegoen, material kutxa bat eta hainbat kulunka zituen patio batean.
Beste alde batetik, ikasturteko momentu desberdinetan ospakizunak izaten genituen, hala nola, gabonak, Agate Deuna edo kurtso amaiera ospatzeko. Egun horietan, familiek era aktiboan parte hartzen zuten (jantziak prestatzeko, ekitaldietara joateko...), funtzionamendua behar bezalakoa izatea ahalbidetzen zuena. Gainera, urtebetetzetan eskolan bertan ospatzeko ohitura zegoen, urteak betetzen zituenak besteentzako zeozer (gozokiren bat) ekarriz.
Erlijioari dagokionez, ikasgai hori ez zegoen ikasten genituen edukien artean. Matematika, musika eta abar aipatu ditut bizipenean baina ez erlijio. Haur Hezkuntzan ez nuen erlijio edo alternatiba aukeratzeko hautabiderik, ez zirelako eskeintzen, ez bata ez bestea.
Halaber, ohiturak nahiko tradizionalak ziren eta irakasleen jokamoldeak ez ziren oso berritzaileak. Ospakizunetan neskek gona eraman behar zuten, eta mutilek, prakak. Era berean, boligrafoa apurtu zitzaidan egunean irakaslearen kezka nagusia soinekoa zikintzea zen, neskato bat txukun jantzita ezin zuelako arropa orban batekin eraman. Gainera, bizipenean azaltzen denez, jarraitzen zuten metodologia iraganean erabiltzen zena zen, ez txokorik edo jolas librerik, baizik eta koadernoak eta ariketak. Ez zegoen Hizkuntza Proiekturik, Agenda 21, Ingurugiroa Zaintzeko edo Hezkidetza Proiekturik.
Hizkuntzaren aldetik, gaztelaniaz egiten zen dena. Euskara eta ingelesez zenbakiak baino ez zizkiguten erakusten. Eskolaren kokapen geografikoa aztertuz gero, familien artean gaztelania nagusitzen zela ikus dezakegu eta, ez hori bakarrik, eskolan zeuden ia ikasle guztien ama-hizkuntza gaztelania zen.
Lehen Hezkuntzara joan nintzenean, aldiz, ikasgai guztiak euskaraz irakasten ziren, D ereduan nengoen eta. Bertan, familien ingurune soziolinguistiko desberdinak aurkitu nituen, elebitasuna anitzagoa baitzen eta euskara ama-hizkuntza gisa zuten ikasleak zeuden.

No hay comentarios:

Publicar un comentario